XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) nostalgia izango litzateke hitzik egokienetakoa.

Zeren filosofoak ere nostalgiko jarri dira (alegia, modernitateraren amaiera, gizonaren amaiera...) eta filosofoek nostalgiko jartzeko parada izan badute, nostalgiarena zerbait sakon den seinale.

Hasteko, asuntua garbi dago.

Nori inporta zaio geroaldia?

Aurrean dugun geroaldiak ez du progresoaren eta aurrerapenaren usainik ere.

Geroaldiak kaotikoa eta iragarriezina dirudi my friend.

Inork kutsu utopikorik ikusten al dio Soviet Batasuneko eroetxeari?

Nik ez.

Inork pentsatu al du 1992 eta gero zer?

Seguru aski gure geroaldia hor nonbait amaitzen da, 1992an.

Data magiko hau eta gero inork ere ez daki zer gertatuko den.

Jakina, Europako Merkatu Batuak geroaldi hobea ekarriko duela uste duten inozo taldeak beti izango dira.

Baina batasun honek ez du inongo kutsu utopikorik.

Beraz, eta bi hitzetan esateko, geroaldiak ez du modernitatean izan zuen erakargarritasunik.

Langabeziak eta miseriak joko gaituen sentimenduak edonor ikutzen du gaur egun.

Eta are gehiago Estatu Batuetan.

Irak-eko gerrak hemen sortu zuen giro euforiko-abertzalea eta gero, berriro ere krisiak jotako errealitate-biharamunera itzuli da herri hau.

Eta denei ahantzi zaie gerra bat orain hilabete gutxi izan zela (segur naiz irakiarrei ez zaiela ahantzi, ez ahantziko ere, erruinak eta 100.000 hildakok utzitako hutsunea begibistan dituzten artean).

Nik uste lehenaldira jo dugula azken hogei urteotan, geure imajinazioari geratu zaion irtenbide bakarra profitatuz.

Baina zoritxarrez lehenaldia gogoratzea musutruk ez dela konturatu gara halaber.

Eta are gehiago, lehenaldi hori gogoratzeko tresneria zabala telekomunikabide indartsuenen esku bakarrik dagoela konturatu gara dagoeneko.